Skip to content
BIZIKLETAREN KOMODINA
Bizitzak eta eguneroko bizipenek zentzua apur bat galduko lukete mahukan komodin bat gordeta izango ez bagenu; hain zuzen,bizitza okertzen denean eta ilusioak ezabatzen direnean ateratzen dugun komodin horietako bat. Emakume askok urtetik urtera gordeta izan duten komodina bizikletaz ibiltzeko grina izan da. Erabiliko zutenik ere zalantzan jartzen zuten. Baina, egun batean, Biziz Bizi gurutzatu zitzaien bizitzan eta “orain ala inoiz ez” pentsatu zuten, eta gehienetan “orain” izan da eta gutxi batzuetan “inoiz ez”.
Gure leloa “Ez dago bizikletaz ibiltzen ikasteko adinik” da, eta, urte guzti hauetan, pedalkadak, oreka, balaztadak, irribarreak eta emozioak banatzeak hala berretsi digute.
Pedalei lehen aldiz eragiteak sortu zigun ilusioaren indarra gara. Aldapa batean, atzetik helduta, gurpiltxoekin… hainbat modutan baina helburu bakarrarekin: pedalei eragiteaz gozatzea.
“Nik trafikoaren artean pedalei eragin nahi diet”, dio Patriciak. “Nik egonkortasuna berreskuratzea besterik ez dut nahi”, Conchik. “Niri beldurra ematen dit abiadurak eta erortzeak” dio Toñik, izerditan, iraileko eguzki bortitzaren pean.
Azkenean “esperientzia hoberenetako bat izan da”, “primeran pasatu dut”, “merezi izan du”, “ez nuen uste lortuko nuenik”…
Hori da elkarte gisa iraunkortasunaren alde egiten dugun beste ekarpen bat, borondatez eta era autogestionatuan. Baina gure ekarpena, batez ere, mundu lasaiago eta zoriontsuago bat lortzeko, gurpildun irribarreak marraztea da.
Sarrera hau konpartitzeko, hautatu edozein plataforma
Leave A Comment