Bizikletaz ibiltzen ari zela
Irene gure kidea hil zen azaroaren 13an, kamioi batek harrapatuta. Hori dela eta, Biziz Bizi Hiri Txirrindularien Elkarteak elkarretaratzea eta manifestazioa deitu zuen azaroaren 14an, Autonomia eta Sabino Arana kaleak gurutzatzen diren lekuan eta bertatik manifestazioan oinez udaletxeraino joan ginen. Hor bigarren elkarretaratze isila egin zen, iluntzeko 8etan. Mila esker etorri eta deialdia zabaldu izanagatik, batez ere Ecuador Etxeko lagunei haien babesa eta argazkiengatik.
TXIRRINDULARIOK TRAFIKOA GARA
ISTRIPU GEHIAGORIK EZ!!
AUTO GUTXIAGO
Atzo asteartea eta 13 zen baina ez da zorte txarra izan. Zorte txarrik ez dago. Dagoena da ibilgailu gehiegi. 350.00 biztanleko hiri honetan egunero 350.00 ibilgailu baino gehiago sartzen dira. Dagoena da aldez aurretik pentsatutako hiri diseinu bat non 50 km/h-ko kale nagusiak dauden auto potenteak frustratu ez daitezen 30 k/h-ko abiaduran baina egunero beldurra gaindituz bizikleta hartzera ausartzen garenok bai, ordea. Dagoena da kutsatutako hiri bat mugikortasun politika negargarriaren ondorioz, non lehentasuna ematen zaion ibilgailu partikularrari. Garraio publiko ona daukagu baina hiria autoentzako diseinatuta dagoen bitartean, horren aldeko hautua egingo du jendeak
Gaur txirrindulariok triste gaude; triste gaude eta, gainera, atzo baino beldur handiagoa diogu errepideari. Gaur Ireneren ingurukoen minarekin bat egiten dugu, gutako batena balitz lez.
Ez gara nekatzen eta behin eta berriro jarraituko dugu esaten hirian ibilgailuen erabilera murriztu behar dela, modu nabarmenean, gainera, eta mugikortasun jasangarria bultzatu; trafikoaren baretzea eta 30 km/h-ko kaleak edo oinezkoek lehentasuna duten kaleak eskatzen ditugu. Hiria delako eta hiria bertan bizi direnena eta direnentzat izan behar delako.
Argi daukagu elkarbizitzarako arauen errespetuan datzala edozein bide politikaren arrakasta. Eta hori dela eta azpimarratu nahi dugu metro eta erdiko gutxieneko tartea utzita aurreratzearen garrantzia, abiadura moteltzearekin batera.
Baina formazioa lehenago hasi behar da, eskoletako curriculumetan txirrindulari, oinezko eta etorkizuneko gidarientzako bide-hezkuntza txertatuta. Helburuak beharko luke izan etorkizuneko hiri txirrindulariaren “ahalduntzea”, kontzientzia izan dezan errepidean zelan jokatu behar duen eta argi izan dezan errepidea ere berea dela, bertatik joateko eskubidea daukala.
Ez daukagu altzairuzko armadurarik, oso zaurgarriak gara. Horrelako albisterik berriz ere entzun ez dezagun, gure hauskortasun hori presente izan behar dugu eta uneoro errespetuz jokatu. Eta horrela izan dadin, zeu ere behar zaitugu.
Leave A Comment