Arrakasta baten atzean lan handia egon ohi da eta lan handi baten atzean esfortzu handia eta esfortzu handi horren atzean pertsonak daude beti, aurpegi hurbilak, lan eta esfortzu hori eskertzeko. Beraz, eskerrik asko, ekipo!. Biziminutuko aurtengo edizioa arrakasta handia izan da, bai parte hartzaileen kopuruari begira, baita biziminutuen kalitatea zein gaien aniztasunari dagokienez ere.
Saridunak Hika Ateneoko festan bildutakoen artean aukeratu genituen. Bakoitzak gustukoen hiru biziminutuei 3, 2 edo puntu 1 emateko aukera izan zuen eta, zinez, ahal izanez gero, sari gehiago ere emango genituzkeen.
Azkenean emaitzak hauek izan ziren:
-Bizikletaren erotika esploratzeagatik, gorputzaren geografia osoa ibiltzeko prest dagoela erakutsiz, lehenengo saria (bizikletarako materiala erosteko 200 euroko diru txartela): “Je t´aime” (54 boto)
-Erromantizismo handiz, bizikletak duen inozentzia, xumetasuna eta umiltasuna erabilita adin zein ezaugarri ezberdinetako pertsonentzat balio duela erakusteagatik, bigarren saria (bizikletarako materiala erosteko 120 euroko diru txartela): “Un viaje en bici” (48 boto)
-Bakoitzak era ezberdin batean bizi arren lehenengo aldia beti berezia dela gogorarazteagatik, hirugarren saria exequo (bizikletarako materiala erosteko 40 euroko diru txartela): “Mi primera vez” (47 boto)
-Bizizkletaren asmakuntza gizon-emakume guztientzat pauso handia izan zela erakusteagatik, berari esker gogotsu eta gimnasioetatik zein auto-ilaretatik urrun ibiltzen garelako, hirugarren saria exequo (bizikletarako materiala erosteko 40 euroko diru txartela): “¡Vaya boleto!” (47 boto)
– Gazteriaren sormenean eta “bakarrik ezin duzu, lagunekin bai” kontsignan dugun fedea indartzeagatik, laugarren saria: “La canción del ciclista al modo de Espronceda” (38 boto)
– Klima aldaketaren aurrean konponbidea geure baitan dagoela eta irudimenari helize bat jartzean datzala gogorarazteagatik, bosgarren saria: “Hobeto biziz” (31 boto)
Biziminutu protesta ere egon zen: “Munduko bidegorririk garestiena”. Berriro ere AHT bertan behera uzteko eskatu zuten, bizikletaren antitesia delako eta tximeleten erritmotik oso urrun dagoelako.
Autokritikarako tartea ere egon zen, batzuetan koherentzia kotxeko ihes-hoditik doakigu-eta. Eta gure udal maiteari kritika, zelan ez!: “Engaña baldosa” biziminutoa. Bilboko bidegorri sarea erabilita, edo kontenedore baten kontra jotzen duzu, edo zure bizitza arriskuan jartzen duzu. Edonola ere, hurrengo hauteskundeetan gure hautagaiak bizikletaren alde egingo du lan zalantza barik, botoa John Brown-en emazteari emango diogu eta.
Biziminutuaren laugarren edizio honen aurkezpena dibertigarria, bikaina… izan zen; hitz batean, apartekoa. Eta amaitzeko, “Pasajeros sin billete” taldearen giro ederreko rumba jostalariarekin dantza egin genuen. Edizio honetarako diseinu berria jantzi zuten: “Biziz Bizi por Kukutza” elastiko aparta eta ahaztezina.
Hori bai, mokadu bat lortzeko pole position behar zen
edo, bestela, ukondo fina baina erregalatutako astoari, hor konpon! Eta zahartzean zapatain, ze azaroa hotz, negua motz eta azaroa bero, negua gero. Beraz, aurton badakizue zer espero!
Leave A Comment