Aurten berriro ere jabetu naiz, ez dago bizikletaz ibiltzen ikasteko adinik.

“Duela 10 urte ikasi nahi izan nuen, baina semeak nagusia nintzela esan zidan”, barre egiten du Montsek. Inoiz izan dugun ikaslerik nagusiena da, errekorra du 76 urterekin.

Aurten oso mutil gaztea etorri da. Berak ere bizikletaz ibiltzen ikasi nahi zuen eta bilatzailean “bizikletaz ibiltzeko ikastaroa” jarri zuen eta Biziz Bizi, Bilboko Hiri Txirrindularien Elkartea, agertu zitzaion. Horrela, errez baina adore handiarekin, hasierako giharren tentsioa disipatzen joan zitzaion eta irribarre zabal batekin amaitu du pedalei gogoz eragiten.

Aracelik bideo bat ateratzeko eskatu zidan pozaren pozez, semeari erakutsi nahi zion. Pertsona serioa dela esaten zuen baina hori du bizikletak irribarrea jartzen digu.

Ikastaroa hasi zenean denek usten zuten trakets zirela eta ezin izango zutela ikasi. Horrela ere pentsatzen zuen Gemak, pasaden urteko ikasle bat. Aurten berriro ere etorri da, eskulekutik esku bat kentzen ikasten ari da maniobrak seinalatzeko. Gero eta gehiagotan hartzen du bizikleta baina Bilbon bide egoki nahikorik ez dagoela dio.

Buba Senegalekoa da. Hiru egun baino ez zituen behar izan ibaiaren ondoko pasealekutik erlajaturik pedaleatzeko. Bubarentzat bizikletaz ibiltzen ikastea erreza izan behar zen euskalduna delako eta euskalduna izateko hiru egun baino gehiago behar direlako. Aizu, ez du inork izango bizikleta bat soberan Bubarentzat? Bizikleta handia izan behar, Buba mutil puxka da eta.

Maitek dio anaia biak ikasi egin zutela baina neskei irakatsi ez, patriarkatua aspaldikoa da eta. Amaitutakoan eskatu diogu esaldi batean sentitu duena jartzeko eta wasap hau bidali dit “esaldi bat gutxi da ikastaroak emandako guztia azaltzeko, batez ere pertsonen berotasunagatik. Amets bat egi bihurtzeko aukera izan dut. Zuek bezalako pertsonei esker, beste batzuk harro sentitzen gara geure lorpenekin eta hori eskertzekoa da.

Eta hor dago gakoa. Mikelek dioen bezala, guk autoestimua lantzen dugu. Jakin badakigu kontua ez dela trebeagoa edo traketsagoa izatea baizik eta norberak bere erritmoa duela. Zuengan sinesten dugu gogotsu zatoztelako eta ausartak zaretelako. Lehenengo egunetik badakigu lortuko duzuela, batzuk lehenago lortu dutelako eta beste batzuk ere aurrerantzean lortuko dutelako.

Saria? Pozez beteriko hiru besarkada urduri eta irribarre ugari. Gu ere harro sentitzen gara, kementsuak, gogotsuak eta ausartak zaretelako. Aurten berriro ere eskertu nahi diogu gurpil biko asmakizun zoragarri honi, zuekin gure denbora eta grina partekatzeko ematen digun aukera paregabea.

Marta Abiega