Martxoaren 4an eta 5ean Bilbon egingo da Hiriko Bizikletaren I.Topaketa. Bizikletaren aldeko Hirien Sareak antolatua da eta Bilbo horren barne dago. Sareak dio hirian garraio horren garapena sustatzeko ekimenak aurrera eramaten aintzindariak direla, eta helburuetako bat dela garraio gisa bizikletaren erabilera erraztea, seguruago egitea eta bultzatzea.

Ezta hurrik eman ere. Biziz Bizik, Bilboko hiri txirrindularitza-elkarteak, salatu nahi du azken urteotan onartutako plan guztiak bertan behera geratu direla (2003-2016ko Bizkaiko Plan Nagusi Ziklablea, 2007ko Bilboko Bizikletarako Bideen Plan Berezia, Lurraldeko Plan Sektorialak eta Partzialak, Bizkaiko 2014ko bizikletarako bideen Foru Arauak…).

Hiriko mugikortasun ereduaren aldaketa ez dago orografiaren edo klimaren menpe, borondate politikoaren menpe baizik. Bilboko Udalak beti jokatu du motordun mugikortasunaren alde, mugikortasun jasangarriaren kaltetan. Duela 25 urte Donostia, Gasteiz, Sevilla, Valentzia… bezala geunden. Gaur egun, hiri horietan bizikletaz ibiltzen direnen ehunekoak oso altuak dira; hemen, ordea, oso kopuru eskasak ditugu – Bilboko mugikortasunaren ehunekoa 0,8 da, eta Gasteizekoa, berriz, 13,4-. Ondorioz, gaur egun kutsadura atmosferiko eta akustiko handiagoa dugu beste hiri horiek baino.

Gainera, 2016-20130 Hiriko Mugikortasun Jasangarrirako Plana egin da, alor horretan zeresan handia duen elkartea kontuan hartu gabe.
Ondorioz, Bilbok bizikleten bidezko mugikortasun politika aurrera eramateko, bizikleten mailegu publikoa elektrifikatzean bakarrik jarri du indarra, gainontzeko arloak kontuan hartu gabe. Horrenbestez, Gipuzkoako Aldundiko bizikletarako bideen plangintza eta sustapenerako teknikoa den Edorta Berguak esaten duen hiri eredugarri baten aurrean gaude: “Bizikleten bidezko mugikortasunerako gutxieneko estrategia aldez aurretik antolatu gabe, maileguan uzten diren bizikleten zerbitzu publikoei berebiziko garrantzia eman diete. Itzelezko aurrekontuak esleitu dizkiete, beste arlo batzuk aintzat hartu gabe (bizikletetarako azpiegtitura; trafikoa baretzea; heziketa eta sustapena; bizikleta-garraio kolektiboaren intermodalitatea). Horiek guztiak ezinbestekoak dira bizikletaz ibiltzeko egoera bermatzearren, eta haiei eman beharko liekete indarra jokaera politikoek, garraio horren aldeko aldaketa lortu nahi bada”.

Hala ere, udala bi sari lortzeko aurkeztuko da:

  • “Lidergoa eta konpromiso instituzionala”, bizikletaren erabilera bultzatzeko tresnak diseinatzeagatik.
  • “Bizikletarako azpiegitura”, seguru, azkar, eroso eta koherente ibiltzeko azpiegiturak ezartzeagatik.

Sinestezina, baina horrela da. Bilboko txirrindularien komunitateak, egunero bizia arriskuan jartzen dugunok, bizikletarako egokituta ez dagoen hiri batean horrelako sariak proposatze hutsari ernegagarri deritzogu.

BIZIZ BIZIK grabatutako bideo hauetan hiriaren errealitate gordiña ikusiko duzu eta Bilboko Udalaren konpromezu eza.

 

Bideoak

Bete gabeko promesak

Bizikletaren aldeko konpromisoa (pdf)

 

#BilboBikeUnFriendly

#BilbaoHostil